Itzultzaile eguna 20110

Atzean, itzultzailea dago

Gaur, irailak 30 dituela, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, urtero legez, Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak (FIT) 1953an hala izendatu zuenez geroztik. Egunaren hautuak badu bere esanahia, irailaren 30 batean, 420. urtean, hil baitzen Palestinako Betleem-en Jeronimo Estridongoa. Biblia latinera itzulita, munduan barrena zabaltzeko eran ipin zuen Jeronimok, eta beraren oroimenez ospatzen dugu munduko itzultzaileok egun hau. Aurten, terminologoen lana omendu eta eskertu nahi izan du FITek, itzultzaileen langintzarako nahitaezkoa baita hitzen erabilera espezializatuak ikertu eta finkatzen dituzten terminologoen zeregina.

Mende asko joan dira Jeronimo Estridongoak azken hatsa eman zuenez geroztik, baina haren arrastoari jarraiturik, itzultzaileak beti izan dira, munduan barrena, atergabe, zibilizazioaren eragile eta ararteko. Bibliaren hastapeneko etsenpluak aldarri duen gisan, zibilizazioa eta kultura ez daitezke uler, hizkuntzen arteko etengabeko itzulpengintza lanak sortu, mamitu eta eraiki duen kultura unibertsalaren monumenturik gabe. Jose Saramagok ongi jaso zuen esaldi labur batean: «idazleek literatura nazionalak egiten dituzte, eta itzultzaileek, berriz, literatura unibertsala». Kulturen arteko elkar trukea sortu, hizkuntzen arteko elkarrizketa eragin, jakintza hedatu, kultura unibertsalaren etxeari zimentarriak ezarri... zeregin guztiz nobleek —munduan ba ote da nobleagorik?— gidatu izan dute betidanik itzultzailearen lana, baina hori ez da aski izan, ezta hurrik eman ere, itzulpengintzak leku duin eta ikusgarria aitortua izan dezan gure gizartean. Itzulpengintzaren Nazioarteko egun hau XX. mendearen erdian ezarri izanak aditzera ematen du itzulpengintzak eta itzultzaileok eragozpen eta oztopo ugari ditugula, lehen bezala gaur ere, lanbidea bide onetik eramateko eta gure bizibidea duintasunez irabazteko.

Gehienetan, itzulpena halabeharrez eta lehenbailehen egin beharreko urrats gogaikarritzat hartzen du jendeak, gogoratu ere egin gabe eguneroko bizitzaren eginkizun gehienetan —guztietan ez bada—, lehenago edo geroago, itzulpena izan dela bitarteko: liburu bat irakurtzen dugunean, film bat ikusten dugunean, lege edo agiri ofizial bat aipatzen dugunean, albisteak entzun edo irakurtzen ditugunean, etxerako tresna berri bat erosten dugunean, beti edo gehienetan itzultzaile batek egindako testuak gureganatzen ditugu. Itzulpenak dira, bai, hezur-haragizko itzultzaile profesional batek eginak, pertsona guztiek bezala bizitzeko behar batzuk dituena, eta, jakina, lanaren bidez ogibidea eskuratu nahi lukeena. Berriro, Jose Saramagok maisuki laburtu zuen: «Batzuetan esaten dute: baina itzultzaile guztiak ez dira onak. Ah bai, jakina, bistan da, sendagile guztiak onak ez diren bezala, edo ingeniari guztiak, edo editore guztiak. Baina ez da itzultzaileen arazoa, gauza korapilatsuagoa da, itzultzailearen zereginaren eta lanbidearen aitorpen eskasa da. Eta benetan aintzat hartua ez den bitartean, teorian bezala praktikan, egoera konkretuetan aurrera egin arren, borroka hori ez da irabaziko.»

Euskal itzultzaileok, euskararekin eta beste hizkuntzekin batera lan egiten dugun itzultzaileok, ez gaude arazo horietatik eta aitorpen eskas horretatik libre, inolaz ere. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) hogei urte egin ditu lanean itzultzaileen ogibidea hobetzen, gure eskubide profesionalak deusetan hartuak izan ez daitezen. Bide luzea gelditzen zaigu, ordea, lanbideak behar duen duintasuna eta aitorpena lortzeko. Har dezagun adibide bat: literatura, eta oro har, liburuen euskarazko itzulpenak eginda bizibidea ateratzea ezinezkoa da, eta zoritxarrez Europan barrena halatsu gertatzen da beste herrialdeetan ere. Erakunde publikoak saiatzen dira babes apur bat ematen: horri esker, EIZIEk kudeatzen duen Literatura Unibertsaleko bilduman 140 bat liburu euskaratu eta argitaratu dira, azken hamazortzi urteotan. Ongi egindako lana, itzultzaileari aukera eta ordainsari egokiak emanda, edizio zaindu eta, gure txikian, ahal bezain zabal hedatuetan, baina... eskukada gatza itsasora botatzea bezala, literatura unibertsalaren ozeano izugarriaz ohartzen bagara.

Antzera dira herri administrazioetan lan egiten duten itzultzaile gehienak: maila profesional ezin apalagoan, askotan zeregin administratibo soilen pare, eta alde ikaragarriez, udal edo erakunde batetik bestera, bai lan egoeraz, bai ordainsariz. Bereziki da gaitza justizia administrazioan ari diren interpreteen, itzulpena ahoz egiten duten itzultzaileen egoera: baldintza ezin kaskarragoetan, egoera larri eta estuetan, eskekoaren hurrengoko lansarien truke egin behar izaten dute lana.

Norberaren kontura lan egiten duten itzultzaile eta interpreteak, gero eta gehiago diren arren, merkatuan itzulpenak ordaintzeko askotan ezarri nahi izaten diren tarifa guztiz bidegabeen eta, kasu batzuetan, lehia desleialaren aurka borrokatzera behartuak izaten dira. Gisa berean, EHUren Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egin eta lizentzia lortua duten itzultzaile gazteek maiz ikusten dute administrazio publikoan bezala enpresa pribatuetan itzulpen lanetarako zernahi titulazio edo batere titulaziorik ez duen jendea, edota itzulpengintzan inolako esperientziarik gabea, kontratatzen dela...

Esku bete lan dugu euskal itzultzaileok lanbidearen aitorpena goratzearekin batera, itzultzaile nahiz interpretarien prestakuntza profesionala hobetzen, teknologiak itzulpengintzara ekarri dituen berrikuntzetara egokitzen, itzultzaileon eskubide profesional eta ekonomikoak errespetarazten eta, orobat, jendartean gure eginkizunaren nolakoa adierazten. Urrats ikaragarriak egin ditugu, egia da, azken hogei urtean, baina urrun gara oraindik gure helburuetatik. Izan bedi urtero irailaren 30a mugarri bat bide luze horretan.

Gotzon Egia

Comments