LITERATURIA 2017

publicado a la‎(s)‎ 7 may. 2017 1:20 por mari luz arranz

Maiatzaren 25etik 28ra, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarauzko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, Ispilua izango da aurtengo gaia, eta Literaturia gure isla da, berriz, leloa. Hain zuzen ere, uste dute, liburuek bezala, Literaturiako ekitaldiek ere aukera ematen dutela norberak beren buruarekin topo egiteko eta, agian, baita ezagutzen ez zituen alderdiak deskubritzekoa ere. Ideia hori iradokitzen du kartelak ere.
Egitarau bete betea aurkeztu dute Kaxildan egin duten aurkezpenean. Hiru gune izango ditu Literaturiak. Batetik, Modelo aretoak emanaldiak, antzerkia, errezitaldiak, solasaldia eta bideo-emanaldiak hartuko ditu. Emanaldietako asko estreinaldiak izango dira, eta haietako baten aurrerapen bat eskaini dute Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak Kaxildako aurkezpenean.
Modeloko oholtza-gainera aterako diren beste sortzaile batzuen izenak ere aipatu dituzte antolatzaileek: Bea Salaberri, Katixa Dolhare, Bihotz Bakartien Kluba, Huts Teatroa, Manex Agirre, Gaizka Amondarain, Lou Topet, Iban Zaldua, Miren Gorrotxategi, Fito Rodriguez, Ramon Agirre, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Lorea Agirre, Josu Landa…
Bestetik, larunbatean egun osoz eta igande goizean, liburu-azoka egingo da Musika Plazan. Aldi berean, kioskoa haurren gunea bihurtuko dela azpimarratu dute. “Jon Braunen tipia” deitu diote, Manolo Urbietaren omenez, eta haur eta gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak hartuko ditu: ipuin-kontalariak, ilustratzaileak, poesia-tailerra, irakurle gazteen klubaren antzerkia…
Azkenik, aurten argitaratutako liburuen aurkezpenak hartuko ditu Garoa liburu-dendak, larunbatean egun osoz.
Egitarauaren aurkezpena bukatzeko, Literaturia iragartzeko bideoa estreinatu dute. Iraia Elias da protagonista, eta herriaren eta Literaturiaren irudi bitxia islatzen du. Literatura-zale guztiak, haur zein heldu, egun horietan Zarautzera hurbiltzera gonbidatuz amaitu dute aurkezpena.
Comments