Egia esan, orain dela gutxirarte ez genuen horrelako mapen beharrik ikusten. Errealitate linguistikoa aldatu zaigun momenturarte. Orduan bai komeriak euskaraz bizi ahal izateko. Orduan bai, mapa, brujula eta bestelako tresnen beharra. Euskaraz bizitzeko, bakoitzak duen establezimenduen sare pertsonala, kolektibora zabaldu nahi dugu; hau da, elkarlanean egindako mapa bat sortu. Baldintza bakarra izan dugu mapa osatzerakoan: bertan jasotako informazio guztia erabiltzeko gaitasuna izango duela nahi duen orok, beti ere CC-Onarpena-BerdinPartekatua lizentziapean. Bide batez, nahi duenak eskuragarri ditu orain arteko datu basea eta mapa esteka HONETAN. Eskertzekoa da Karrikiri Iruñeako euskaldunon topaguneak eta amahizkuntzagasteiz blogak egindako lana; mapa osatzeko lana erraztu digute. Aipatu beharra dago, mapa aurrera eramateko Bai Euskarari ziurtagiridunen zerrenda eta Donostiako Udalak martxan jarri duen kanpainaren datuak ere erabili direla. Elkarte horiez gain, norbanakoek bidalitako establezimenduak ere jasotzen hasi gara eta datu basera gehitu ditugu. 1500 establezimendutik gora ditugu eta oraindik milaka eta milaka dira falta direnak. Mapa osatzeko, pentsatu dugu, udal batzuk ezarritako baldintza, egokia dela: euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna izatea establezimendu horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok. Eta ez, ez dugu ziurtatzen gure datu basean agertzen diren establezimendu guztiek baldintza hori betetzen dutenik. Sentitzen dugu. Praktikotasunaren eta kaosaren apologia egiten dugu. Bestetik, mintzalagun eta berbalagun taldeen mapa ere osatu dugu. Hori egiteko mintzalaguna.org eta praktikatu.blogspot.com webguneetako datuak erabili ditugu. Proiektua aurrera eramateko ez da inongo dirulaguntzarik jaso eta izan dugun aurrekontua guztira 11,73 eurotakoa (zergak barne) izan da, egunon.info domeinua erosteko erabili duguna. Euskararen komunitatearentzat sortutako proiektu xumea zuenean aurkezteko aukera eskertzen dizuegu. Bestelako proiektuekin elkarlanean lan egiteko jaio da egunon.info." |
-1- IES URIBE-KOSTA BHI > Euskara Mundua >